Aurkezpena

Donostia Hiria Piano Lehiaketa garrantzi handiko ekitaldia da gure hiriko programazioan eta jarduera pedagogiko-musikalen artean. Eragin handia du nazioartean, Europako foro eta elkarte garrantzitsuenek sostengatzen eta aitortzen dute bere kalitatea eta Espainiako garrantzitsuenetakoa da, zalantzarik gabe.

2011tik Donostia Kulturak du Lehiaketa deitu eta antolatzeko ardura. Bigarren “aroaren” lehen edizio hartan, 2011n, hiru kategoria gorenekoak jokatu ziren soilik. 2013an deialdia adin eta kategoria guztietara zabaldu da. Horretarako, hiriko musika erakunde pedagogiko nagusiak izango ditu aholkulari: Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia, Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionala eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola. Beti ere, Pianoaren Sustapenerako Elkarteak egindako lan bikaina izango du gidari, berori izan baitzen Lehiaketa hau abian jarri zuena eta 16 ediziotan eraginkortasun eta distira handiz kudeatu duena.

Lehiaketa honen erakartze ahalmen zabalak mundu osoko ehunka profesional eta piano ikasle ekarri eta ekarriko ditu Donostiara. Ahalmen horrek pentsarazten digu –ez genuke besterik nahi– hazkunde, zabalkunde eta bilakaera aukera handiak dituela. Horregatik, are gehiago hurbildu nahi genuke Lehiaketa piano-jotzaile guztiengana, maila guztietako musika ikastegietara, entzuleengana, eta, oro har, herritar guztiengana.

Horretarako, Donostia Kulturak orain arte beren laguntza eta sostengu ekonomikoa eman dioten erakundeen –Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa, fundazio pribatuak– lankidetza beharko du eta, esan gabe doa, baita aurretik aipatutako Musikeneren, Francisco Escudero Kontserbatorioaren eta Udal Musika eta Dantza Eskolaren aholkularitza akademikoa ere.

XII. lehiaketaren bideoa

© Diseinu eta garapena: Eurosíntesis